II. Foro Irekia: OINARRIZKO PREMIEN ASETZEA (Etxebizitza, energia, mugikortasuna…)

Otsailaren 6an, 18:00etatik 20:00etara, Bermeoko Kultur Etxean (Gaztelekua)

Helburua: Iraunkortasun Indizean kontuan hartu behar diren adierazle garrantzitsuenak identifikatzea, talde dinamika baten bidez.

Gaur egun, trantsizio ekosozialak askoren ahotan daude, baita eliteen ahotan ere. Hala, kontzeptu horren atzean, ikuspegi guztiz kontrajarriak daude. Adibide bat ipintzeko, betiko eliteek “negacionismotik” “negocionismora” pasatu dira eta trantsizio horiek euren poltsikoak ondo betetzen segitzeko baliatu nahi dituzte.

Guk, berriz, argi dugu trantsizio horien xede nagusia hauxe izan behar dela: “natura bizigarri batean, bizitza duinak denontzat” bermatzea. Eta guretzat horrek eskatzen du trantsizio horiek, ezinbestean, justuak, antipatriarkalak, iraunkorrak eta demokratikoak izan behar direla.

Gure ustez, Euskal Herrian trantsizio horietarako funtsezkoa da eskualde historiko-geografikoek gaur egun duten rola nabarmen indartzea. Horregatik uste dugu, behar-beharrezkoa dela trantsizio horientzako lurralde-garapen eta – antolamendurako proposamen bat eskualdeka lantzen eta adosten hastea.

Ekimen hori aurrera eraman ahal izateko ikuspegi multidimentsionala funtsezkoa da eta ikuspegi hori oinarritzeko ezagutza zientifikoa eta datu fidagarriak nahitaezkoak dira. Marko horretan sortu zaigu TRANTSIZIO EKOSOZIALERAKO ESKUALDEKO-INDIZE bat garatzeko beharra.

Argi dugu ikerketa-lan hori aurrera eramateko ezinbestekoa dela Busturialdea- Urdaibaiko biztanleriaren parte hartze zuzena ahalbidetzea. Funtsezkoa, guretzat, eskualdeko gizarte eragileekin, udaletako ordezkariekin eta interesa duten pertsonekin lankidetza-esparruak zabaltzea.

Horregatik, hiru foro antolatu ditugu, parte-hartu nahi duen edozeini irekiak:

I. Foroa: Partaidetza komunitarioa eta kohesio soziala (desberdintasun sozialak, pobrezia eta zaurgarritasuna, genero berdintasuna, migrazioa, parte hartze politiko eta soziala, artikulazioa, errotzea…)

II. Foroa: Oinarrizko premien asetzea (etxebizitza, elikadura, ura, mugikortasuna, osasuna, zaintzak, hezkuntza…)

III. Foroa: Jarduera ekonomikoak (lana eta enplegua, jarduera ekonomikoen iraukortasuna eta erresilientzia…)

Joan den azaroaren 21ean, iraunkortasun indizea diseinatzera bidean, lehen foro irekia ospatu genuen Gernikan. Eta Otsailaren 6an, biharren foroa egingo dugu, Bermeon. Dimentsio honen barnean, eguneroko bizitzan eragiten duten gai ezberdinen inguruan eztabaidatzeko aukera izango da, identifikatuz zeintzuk diren Busturialdearen hutsune nagusiak herritarrek oinarrizko premiak asetutzat emateko. Foro honetan, etxebizitza, garraioa, elikagaiak, zaintza bezalako gaiak ekarri nahi ditugu eztabaida gunera.