
Nire helburua testu honetan da Jean-Baptiste Fressoz-ek idatzitako liburu bat komentatzea: Sin transición. Una nueva historia de la energía, Arpa argitaletxeak argitaratua.
Fressoz-en liburua eta planteamendua nahiko ondo laburtuta dago Pello Zubiriak Larrun aldizkarian idatzitako testu batean, ENERGIA-TRANTSIZIORIK EZ DA IZAN HISTORIAN. Norbaitek liburu osoa irakurri gabe ideia orokorra jaso nahi badu, hasiera-puntu oso ona da, gainera euskaraz.
Liburuaren tesi nagusia bikoitza da:
- Iraganean, ez da inoiz energia-trantsizioa gertatu;
- Energia-trantsizioa da negazionista klimatikoek sortu eta bultzatutako kontzeptua benetako eraldaketa eragozteko (“Energia trantsizioak zakurrago egiten du lan, baina funtsean klimaren negazionismoaren baliokidea da”).
Fressoz-en arabera, energia-trantsizioa ez da inoiz gertatu iraganean. Fressoz-ek honen inguruan datu nahikotxo ematen ditu, baina neuk bi arazo “numeriko” ditut horrekin, eta beste bat kualitatiboagoa.
1) Testuan hainbat erkaketa egiten dira erakusteko, funtsean, 200 urte pasata biomasak eta ikatzak funtsezkoak izaten jarraitzen dutela; baina egindako erkaketak nahiko tranpatiak dira:
“1980 eta 2010 artean mundu mailako ikatz kontsumoa hirukoiztu egin da”
Baina 30 urte horietan munduko populazioa bikoiztu egin da, eta elektrizitatearen sarbidea duten populazioaren ehunekoa ia bikoiztu; beraz, termino absolutuetan energia “era modernoan” kontsumitzen duen populazioa ia laukoiztu egin da. Kontuan hartu behar dugu ikatza batez ere elektrizitatea sortzeko erretzen dela.
“Frantzian 2018an [ikatzeko kontsumoa ez dabil] urruti 1962an kontsumitzen genituen 82 milioi tona ikatzetatik.”
Baina populazioa Frantzian %40an handitu da tarte horretan; eta kontsumo elektrikoa pertsonako nabarmen handitu, orain batez ere nuklearrekin estaltzen dena.
“Adibidez, Kinshasa (Kongoko Errepublika Demokratikoa) ari da urtean bi milioitik gora tona egur-ikatz kontsumitzen bere 10 milioitik gora biztanleek kozinatu eta berotzeko behar dutelako. Horren aldean, Parisek 1860an urtean 100.000 tona egur-ikatz kontsumitzen zuen. Kinshasak behar dituen bi milioi tona egur-ikatz horiek ekoizteko erabili behar dira 17-18 milioi tona egur. Kinshasak bakarrik gaur egun kontsumitzen du 1900.ean Frantzia osoak kontsumitzen zuena adina egur, ikatz bihurtuta.”
1860ko Paris eta gaurko Kinshasa ez dira konparagarriak. Orduko Parisen 1,7 milioi pertsona, gaurko Kinshasan 18 milioi. Eta suposatzen dut eskaera-motak eta erabilitako teknologiak nahiko desberdinak ere izango direla.
Ezin dira zuzenean erkatu kontsumo energetikoak garai oso ezberdinekoak badira, edota populazio kopurua antzekoa ez bada.
Planteamendua hain da tranpatia, alderantzizko bidean ere nahiko ondo funtzionatzen duela! Begiratu neuk egindako erkaketa hau:
“Gaur, munduko sorkuntza elektriko berriztagarria urte batean (fotovoltaikoa, 8 EJ; eolikoa, 9 EJ; hidroelektrikoa, ia 17 EJ), 1825eko munduko kontsumo primario osoa baino gehiago da (orduan ez zen 30 EJ-era heltzen); urte horietan justu hasi zen ikatzeko kontsumoa, eta kontsumo gehiena biomasakoa zen.”
Edo hau:
“2025ean Txinako sistema fotovoltaikoek sortutako energia (3 EJ) Espainiako 1985eko kontsumo primarioa baino gehiago da.”
2) Fressoz-ek defendatzen du ikatzak, eta baita biomasak ere, funtsezko paperak dituztela gaurko sistema gehienetan. Adibide batzuk jartzen ditu, eta kontu hau oso interesgarria da niretzat: Fressoz-ek bizi-zikloaren ikuspegia lantzen du horretarako. Geuk EHUn gauza bera egiten dugu, eta horretarako ecoinvent-eko datubasea erabiltzen dugu. Fressoz-ek emandako datuak ikusita, baieztatzera joan nintzen, batzuk harrigarriak egiten zitzaizkidalako.
“Ferrokarrilari ez burdin-bidea baizik eta egur-bidea deitu beharko genioke, erabiltzen duen burdinaren halako sei erabiltzen du egurretan.”
Hurreno taulan duzue trenez 1 pkm bidaiatzeko behar den inbentarioaren zati bat, ecoinvent-etik aterata:

27 g ikatz; 1,6 g burdin; 4,2 g petrolio; 0,7 g egur.
Egur gehiena elektrizitatea sortzeko erabiltzen da Asian (ecoinvent datubasean holako informazioa eskuragarri dugu). Burdinaren erdia baino gutxiago, ez halako sei.
Orain kotxez:
“1930ean auto bat egiteko zazpi tona ikatz behar ziren, beraz, ikatz gehiago darama soinean bere bizi osoan erreko duen petrolio guztia baino. Auto bati begiratzean, ohartu ikatz pila bat dela. Oraindik ere Txinan, munduko auto ekoizlerik handienean, auto bat egiten 2,5 tona ikatz erabiltzen da, pisatzen duena baino masa handiagoa ikatzetan.”
Hemen ecoinvent-ek emandako inbentarioa, kotxea kilometro batez mugitzeko:

Ikatza, ia 36 g; burdina, 12 g; petrolioa, 82 g; egurra, 1,4 g.
Ikatzaren erdia, burdina prozesatzeko kontsumitzen da; eta beste erdia, bizi-zikloan kontsumitzen den elektrizitatea sortzeko. Emandako Txinako erreferentzia egokia dirudi, baina ez da batere egia ikatzaren kontsumoa petrolioarena baino handiagoa denik. Gaur egun, gutxienez, ez.
Testuaren beste puntu batean, Fressoz-ek esaten du egurra funtsezkoa dela petrolioaren ekoizpenean. Horren adibide gisa, Vallourec multinazional frantsesak petroliotarako tutuetan kontsumitutako egurraren kontsumoa aipatzen du. Baina hemen dago ecoinvent-ek emandako inbentarioa, petrolioaren erauzketarako (lur azpitik findegira heldu arteko bizi-zikloa, onshore production):

1 kg petrolio erauzi eta findegira eramateko, bidean 19 g petrolio, 30 g ikatz, 57 g gas natural, 12 g burdin, 0,03 g aluminio, eta 0,7 g egur. Egur gehiago erabiltzen da aluminio baino, baina hala ere, erabilera oso zirkunstantziala da. Gehiena, kontsumitutako ikatzaren meategietan kontsumitzen da (30 g ikatz lortzeko, 0,7 g egur behar da gaur egun; beste erreferentzia interesgarri bat, Fressoz-ek adierazitakoaren kontra joaten dena).
3) Hala ere, desadostasun handiagoa daukat “trantsizio” terminoaren definizioaren inguruan. Honetan, nik Vaclav Smil adituari jarraitzen diot (ni oso Smil-zalea naiz).
Smil-ek honako hau dio (Energy miths and realities, 2010):
“An energy transition encompasses the time that elapses between the introduction of a new primary energy source (coal, oil, nuclear electricity, wind captured by large turbines) and its rise to claiming a substantial share of the overall market […] at least 15 percent […] 20 percent or 25 percent would obviously be a more decisive contribution. […] The common perception of a nineteenth century dominated by coal and a twentieth century by oil is wrong. In global terms, 1800–1900 was still a part of the millennia-long wooden era, and 1900–2000 was (albeit by a small margin) the coal century. […] Energy transitions involve not only new fuel sources but also the gradual diffusion of new prime movers—that is, devices that replace animal and human muscles by converting primary energies into mechanical power, which can then be used to rotate massive turbogenerators producing electricity, or to propel fleets of cars, ships, and airplanes. Transition times from established prime movers to new converters have been often remarkably long. […] All energy transitions have one thing in common: They are prolonged affairs that take decades to accomplish, and the greater the scale of prevailing uses and conversions, the longer the substitutions will take.”
Nire ustez, energia-trantsizioa gizartearen matrize energetiko eta teknologikoaren aldaketa-prozesua da, honako ezaugarri hauekin:
a) Prozesu graduala da, hamarkada askotakoa.
b) Energia-iturri desberdinen ekarpen erlatiboa aldatu egiten da; batzuk handitu, beste batzuk gutxitu.
c) Berrikuntza teknologikoak ere gertatzen dira, eta funtsezkoak dira hainbat gauza azaltzeko.
d) Berrikuntza teknologikoei esker, energia-mota desberdinak erabiltzeko moduak nabarmen aldatzen dira [1800.eko makina hidraulikoak (noriak, ur-errotak) eta 1900.ekoak (Francis turbinak, lehenengo presa hidroelektriko handietan) guztiz desberdinak ziren!].
e) Berrikuntza teknologikoei esker, erabilera energetikoen efizientziak nabarmen handitzen dira.
f) Aurreko guztiari esker, askotan errebote efektua gertatzen da kontsumo energetikoan (Jevons-en Paradoxa famatua).
Smil-ek dio zibilizazio modernoa honako lau zutabe material nagusi hauetan oinarritzen dela:
1) porlana
2) altzairua
3) plastikoak
4) amonia
Nik agian bosgarren bat gehituko nuke: nekazaritza eta abeltzaintza industriala; agroindustriaren produktuak guztiz materialak dira, eta ekoizteko prozesuak (fertilizanteak, makineria, garraioa…) guztiz modernoak. Erabilera materialen ikuspegitik ere, izugarrizko trantsizioak gertatu dira azken bi mendeetan.
Eztabaida honetan badago puntu oso garrantzitsua, eta da (arrazoi desberdinengatik, horien artean erregai fosilen erabilera, hobekuntza teknologikoa, zientifikoa, medikuntzan…) azken 200 urteetan populazioa bider zortzi biderkatu dela. Hemen dago populazioren eta kontsumo energetikoaren bilakaera 1800. urtetik aurrera, mundu mailan (kontsumoak EJ-etan):

Hemen kontsumo energetikoaren bilakaera, grafikoki:

Kontsumo totala 33 aldiz biderkatu da, baina populazioa 8 aldiz.
Beraz, garai desberdineko erkaketa zentzudun bat egiteko, kontsumoak per capita terminoetan hartu behar dira. Hemen dago taula bat (urteko kontsumoak, GJ per capita):

Per capita terminoetan, batezbesteko kontsumoa ×4 biderkatu da. Grafikoki:

Per capita kontsumoak ehuneko gisa kontuan hartuta, honako taula lortzen dugu:

Eta grafikoki:

Azken bi grafiketan, nik trantsizio nahiko geldoak eta luzeak baina benetazkoak ikusten ditut.
[Beste maila batean, Fressoz-ek XIX. mendeko hidraulikoari buruz esaten duena ere oker dago. Hidraulikoa oso garrantzitsua zen XIX. mendean, baina ez zuen lurrun makina ordezkatu, kontrakoa baizik: izan ere, hidraulikoa nagusi zen Europan, lurrun makina heldu baino lehen (noriak, ur-errotak, marea-errotak… Euskal Herrian ere ezagutzen ditugu), eta lurrun makinak pixkanaka desplazatu zituen horiek, mendean zehar. Egia da hidraulikoak suspertze oso handia izan zuela mendearen erdian, turbina hidraulikoak asmatu eta garatu zirelako: Fourneyron (1827), Francis (1849), Pelton (1870) eta Kaplan (1913) turbina-motak. Turbina horietan funtsezkoa zen gizarte modernoa jada ekoizten eta garraiatzen ari ziren material “modernoak”: altzairua eta beste aleazio batzuk. Berrikuntza teknologikoak, trantsizioari lotuta! Turbina berri horiek dira sorkuntza hidroelektriko modernoaren funtsa. Izan ere, gaur egungo sorgailu elektrikorik handienak turbina hidrauliko batzuei lotuta daude.]
“Eta orduan, zer?”
Larrun-en, Zubiriak jasotzen du Fressoz-i hitzaldi batean egindako galdera bat, publikotik. Fressoz-en diskurtsoa ikusita, zentzuduna da:
“Zuri entzunda, munduko sistema ezin da aldatu, energia-trantsiziorik ezingo da gertatu… eta pentsa nezake egin dezakegun bakarra dela gure buruak babesteko modua antolatzea, hirietan freskotasun-uhartetxoak sortu jendea kiskali ez dadin, hiriak bejetalizatu, urarekin kontuz ibili, immigrazioa arautzeko modua aurkitu, Hegoaldean kiskaltzen ari direnak Iparraldera igoko direlako…”
Galdera pertinentea. Hemen, Fressoz-en erantzunaren hasiera besterik ez dut jarriko:
“Ez dut esango sistema mundiala aldatu ezin denik, baina ezingo da gaurko egoera politikoarekin eta gaurko pentsamoldeekin, bederen.”
Beraz, sistema aldatu daiteke (agian ez da aldatuko, baina aldatu daiteke!), eta hori, trantsizio baten bidez gertatuko da (nik nahiago dut “eraldaketa”). Balizko eraldaketa honen inguruan, bi apunte:
1) ikuspegi energetiko eta teknologiko batetik, trantsizio bidean, nik uste etorkizuna gero eta elektrifikatuagoa izango dela, PV + eolikoa + biltegiratzea + sare elektriko oso interkonektatua eskemari jarraituz.
2) bideragarria izateko, murrizketa sakonak gertatu behar dira hainbat esparrutan: arlo militarrean (une honetan, agian, urgenteena segurtasun hutsagatik); pertsonen eta produktuen hipermugikortasunean; elikadura dietetan (Smil-i behin galdetu zioten zein izango zen neurririk eraginkorrena iraunkortasunean aurreratzeko, modu globalean neurri hori bakarrik gauzatuz gero; Smil-ek irmo erantzun zuen: “utzi haragia jateari!”). Gizateriak automugaketa bat (Kallis, 2021; Límites) ezarri behar dio bere buruari. Deitu desazkundea, post-growth, prosperity without growth, dena delakoa…
Zibilizazio gisa heldu garen puntura helduta, arazo nagusia ez dut ikusten, hainbeste, arlo teknologikoan, baizik eta, askoz gehiago, antolakuntzan (eraldaketaren gobernantzan):
- Fressoz-en liburua dela-eta, azken asteotan Smil-en liburu batzuen pasarte batzuk berriro irakurtzen ibili naiz. Smil oso kritikoa izan da beti tekno-optimistekin (egia esan, Smilek guztiei ematen die egurra!) eta funtsean, bere posizioa ez dago Fressoz-etik oso urrun, zenbait kontutan. Berriro ojeatu dudan liburu bat da Energy miths and realities, 2010ean idatzitakoa. Kritika zorrotz asko tekno-optimistei, baina 15 urte pasata, nik uste kontu batzuek berridazketa bat beharko luketela (auto elektriko eta sistema fotovoltaikoen bilakaerak, adibidez). Teknologikoki, baikorragoa naiz orain, 2008an baino.
- Gero eta argiago daukat hainbat arazoren muina gobernantzan datzala. Adibidez: laster irakurriko dugu ENTSO-E erakundeak prestatutako txostena apirileko itzalaldiaren inguruan, baina nik argi daukat errua ez zela hainbeste planta berriztagarriena, baizik eta P.O. 7.4 araudiari lotuta. Gobernantza eredu egokiak (mendebaldean, korporazio handien gidapean ezinezko) tresna tekniko eta teknologikoak beharko ditu; baina lehenengo eta behin, gobernantza!
- Egungo zibilizazio globalizatu eta teknifikatu honetan, momentuz, epe labur eta ertainean, atakatik aterako gaituzten gobernantza eredu eraginkorrak ez dut hainbeste ikusten “sozialismo autogestionarioaren” arloan. Horretan ere trantsizio oso luzea beharko dugu.
Bidegurutze honetan, batzuek proposatzen duten irtenbidea, “colapsa antes y evita aglomeraciones” esloganari lotuta, ulergarria da. Eta programa politiko guztiz legitimoa da hori. Graeber eta Wengrow-k defendatzen zutenez (El amanecer de todo, 2022), beste mundu batzuk posible dira, eta agian, jada gertatu dira! Berriki, Annie Jackobsen-en Guerra nuclear. Un escenario liburua irakurri dut. Irakurri ez baduzue gomendagarria da, baina erraz asmatuko duzue amaiera. Egileak, liburua puntu baikor batekin bukatzeko, esaten du agian, 20 mila urte barru, geratuko diren gizakiak beste Göbekli Tepe batean bilduko direla (Graeber eta Wengrow-en gertatutako mundu posibleetako bat). Tira, nik nahiago nuke hainbeste itxaron behar ez izatea!
Fressoz-ek defendatutako beste ideiaren inguruan, alegia, energia-trantsizioa negazionista klimatikoek asmatu zutela, ez naiz asko luzatuko: eraldatze prozesu eta mugimendu guztietan, edozein foro, eztabaida-gune, negoziazio-gune, parlamentu, dena delakoa, gatazka-gune bihurtu eta izaten da. IPCC ere horren adibidea da. Gatazka horretan, negazionista klimatikoak beti saiatuko dira aurkarien diskurtsoa manipulatzen eta bereganatzen, baina nik ez dut uste IPCC-rik gabe hobeto geundenik, ezta energia-trantsizioaren inguruko eztabaida bultzatu gabe ere.