Egilea: Iñaki Barcena.

Petrohorror ezizena jarri zioten Athleticen kamisetan publizitatea egiten hasi zirenean 2008. urtean. Urtero bi milioi euro sartzen zituzten zurigorrien aurrekontuan, sei urte jarraian eta denak pozik, antza, ekologistak salbu.  Baina urte oparoak bukatu ziren 2013an koke planta martxan jartzearekin batera, petrolio birfindegira zorrak etorri baitziren bi urtez jarraian. Batzuen ustez, 750 milioi euroko inbertsioaren ordaina zen. Beste batzuen ustez aldiz, gaurko sistema ekonomikoan birfindegi bat petrolio putzuen 6.000 kilometrotara egoteak ez du etorkizunik eta horren frogarik gordinena, 29 birfindegi itxi dutela Europan 2008tik hona (Deia, 2017ko uztailaren 9a).

Muskizko birfindegiak azken hiru urtetan mozkin apalak eduki ditu, baina presidente berriari, Emiliano Lopez Atxurra zumaiarrari, galdetu diotenean petrolioaren merkatuaren eboluzioaz edo prezioei buruz erantzuna grafikoa izan da oso: “Nik ez dut kristalezko bolarik”.

Komunikabide ekonomiko eta ofizialistek urtero errepikatzen digute lelo bera: “Diru gehien sartzen duena kutxa publikoan Euskal Herrian”, eta ez digute esaten gehien kutsatzen duena ere badela. (2,3 milioi tona CO2), EAEko %35a). Duela gutxi Bilbon, topaketa ekosozialista batean Petronorreko langile batek haserreturik zioen: “Ordaintzen dute legeak agintzen duena. Ez gehiago”. Eta duela 50 urtetik Muskiz eta inguruko herriak ari dira pozoitzen egunero diru horren truke. Noiz arte?

Petronorren geroa, bi faktore global eta orokorrek markatuta dago, ezinbestean. Alde batetik petrolioren gailurra, hots, hemendik aurrera petrolio gutxiago, garestiagoa eta txarragoa izango dugu. Eta bestetik aldaketa klimatikoak seinalatzen duen urgentzia eta negutegi efektua eragiten duten gas isurketen gutxitu beharra. Bi faktore horien aurrean bi bide desberdin ditu enpresak: bata, orain arte bezala segi, business as usual, egoera ekonomiko kritiko bat ezagutu arte, itxiera traumatiko batean murgildurik bukatuz. Siderurgian eta itsas ontziolatan adibide freskoak ditugu oraindik. Bigarrena, trantsizio energetikoaren eta birmoldaketa industrialaren bidea hartu, irizpide ekologiko jasangarriak, justizia soziala eta bide politiko demokratikoak praktikan jarriz.

Bigarrengo bide hau, ez dugu uste Repsol (%86) eta Kutxabank (%14), hots, enpresaren jabeen gustukoa denik, euren helburu bakarra dirua irabaztea dutelako. Baina instituzio politikoek? Eta alderdi politiko eta sindikatuek? Ikusle moduan itxarongo dute birfindegiaren gainbehera? Egun hori heltzen denean Josu Jon Imaz eta Emiliano Lopez Atxurrari kristalezko bola bat oparituko diegu?

Argazkia: Ekologistak Martxan

Albiste hau Argian argitaratu zen eta Creative Commons BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.