Estitxu Villamor, Uzuri Albizu

Berria egunkarian 2020ko azaroaren 28an argitaratua

Lehen begi kolpean hala ez dirudien arren, izenburuan aipaturikoek elkarren arteko erlazio estua dute zenbaitetan. Besteak beste, ugari dira egunotan COVID-19a 5G antenen bidez hedatzen ari denaren aldeko teoriak. Izan ere, bizitzen ari garen osasun krisiaren aurrean, teoria konspiranoikoez diharduten ahotsak gero eta ozenagoak dira. Batzuek koronabirusa laborategi batean sorturikoa dela diote, elite izkutu batzuen planei jarraiki. Beste zenbaitek, negazionista deiturikoek, gertatzen ari denaren inguruko ebidentzia oro alboratzen dute, birusa existitu ere egiten ez dela, eta kontrol mekanismo hutsa dela salatuz.

Askotan, errazagoa da errudun gutxi batzuengan ardura osoa jartzea, egoeraren konplexutasunaz jabetu, eta gure bizi eredua zalantzan ipintzea baino. Ez da kasualitatea pandemia hau garai historiko honetan bizitzen aritzea: ekosistemen galera gero eta handiagoa den honetan, gaixotasun zoonotikoei (animaliengandik gizakiengana transmititzen diren horiei) atea zabal-zabalik utzi diegu; eta, egungo eredu globalizatuan, birusa hedatu ahal izateko bideak inoiz baino ugariagoak dira. COVID-19a, beraz, ez da 5G antenen bidez hedatzen ari; baina 5Ga COVID-19ari esker hedatzen ari ote da?

Konspirazionistek eta negazionistek ebidentzia zientifikoak alboratzen dituzten bitartean, klase boteretsuenek argumentu zientifikoak darabiltzate herritarren gaineko kontrola sistematikoki handitu, askatasuna mugatu eta oinarrizko eskubideak urratzeko; eta bizitza zapalduenak (emakumeenak*, pertsona arrazializatu edo migratuenak, edota langile prekarioenenak, esaterako) ari dira jasaten, berriz ere, krisiaren ondorio latzenak. Kapitalaren neurrira egokituko den gizartea eta hori ahalbidetuko duten bitarteko errepresiboak diseinatzeko koiuntura ezin hobea da. Halaber, egoera horren aurrean, 5Garen inplementazioa justifikatu beharrik ere ez dago: gure eguneroko betebeharren eta aisiaren zati handi bat digitalki egitera ohitzen ari garen honetan, pandemiaren aurretik jada hain beharrezkoak genituen hiperkonektibitatea, abiadura eta berehalakotasuna are beharrezkoago bihurtu dira.

Maiz entzun dugu konfinamendu garaian, jarduera ekonomikoa murriztearen ondorioz, energia kontsumoa jaitsi eta CO2 isurketak murriztu egin zirela. Baina apenas hitz egin den jarduera digitalarekin loturiko energia kontsumoari eta negutegi efektuko gasen isurketei buruz. Izan ere, mundu digitalak energia zein errekurtso eskari handiak dituzten euskarri errealak ditu. Sarea osatzen duten azpiegiturak (kableak edota antenak, esaterako), zerbitzariak eta datu zentroak, besteak beste, gero eta ugariagoak dira, eta energia behar oso altuak dituzte, egiten dugun erabileraren arabera handitzen direnak. Fitxategiak trukatzerakoan, pelikulak ikustean edota egunkaria irakurtzean, adibidez, energia kontsumitzen eta negutegi efektuko gasak isurtzen ari gara. Erabilera horrekin, gure sakelako telefonoek, urtean A++ hozkailu batek beste energia kontsumitzen dute, batezbeste. Mundu mailan, energia primarioaren erabileraren %15 inguru interneti loturik dago. Hori kontuan hartuta, munduan 5Ga ezarriz gero, energia eta materia eskaria biziki areagotuko dira, lehenik eta behin interneten erabilera eta datu trukaketa izugarri handituko direlako baina, are gehiago, sare osoa berregin beharko delako, eta hiperkonektibitatea bermatzeko antena ugari instalatu beharko direlako. Ildo horretan, zenbait adituk diote 5Garen mundu mailako inplementazioa ezinezkoa dela, planetaren muga energetiko zein geologikoekin bete betean topo egingo dugu eta.

Arazoak dimentsio ugari dituela, eta, kasu honetan ere, gure bizi ereduari estuki loturik dagoela ikusi dugu, beraz. Halere, dimentsio anitz horiek ez dira maiz kontutan hartzen, eta 5Garen eztabaida uhin elektromagnetikoen auzira, eta horiek izaki bizidunengan izan ditzaketen ondorioetara mugatzen da. Uhinek izaki bizidunen molekulekin, ADNarekin edota zelulekin duten elkarrekintzaren ebidentziak egon badaude, eta horietariko asko lehen mailako aldizkari zientifikoetan argitaratu dira. Hala ere, absortzio tasa espezifikoaren neurketetan oinarrituz, eta uhin mota hauek gure gorputzetan sartzen ez direla baieztatuz, zenbaitek 5Garen kontrako argumentuak isilarazten eta barregarri uzten dituzte.

Arestian aipatu bezala, boteretsuenek zientzia euren mesedetan darabilte, argumentu batzuk besteak baino gehiago ikusaraziz, eta horiei sinesgarritasun handiagoa emanez. Alabaina, zientzia gure esku ere badagoen erreminta bat da, inposatu nahi diguten gizarte ereduaren aurrean alternatibak artikulatzen lagun diezagukena. Horretarako, alfabetizazio zientifikoa da gakoa: zientziaren oinarriak ezagutzea, argumentu zientifikoak ulertzea; eta, batez ere, benetan kritikoa den ikuspegia garatzea, gure ezagutza, argudio eta pentsaera propio zein kolektiboak eraikitzeko gai izan gaitezen.