Egileak: Carlos Alejandre, Ortzi Akizu-Gardoki, Erlantz Lizundia

Artikulu osoaren esteka: https://doi.org/10.1016/j.spc.2022.04.007

Teknologia berri eraginkorren erabilera da gaur egungo energia kontsumo altuko gizartean CO2 emisioak murrizteko proposatzen den irtenbide nagusia. Baina, bideragarria al da kontsumituz murriztea ingurumen-inpaktuak? Jasangarriak al dira etxetresna berri eraginkorrak erosteko “renove planak”, edo merkataritza-estrategia hutsak dira? Life Cycle Thinking Group eta Ekopol taldeek Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia Zirkularreko Masterrean eta Proiektuen Zuzendaritzako Masterrean egindako ikerketa berri honetan, honako hau ondorioztatzen da: etxetresna elektrikoetan energia berriztagarriak erabiltzeak, ingurumen arrazoien ondoriozko aldaketa beharra hauek 30 urte inguru bete arte atzeratuko luke.

Carlos Alejandre ikaslearen master amaierako lanean egindako ikerketan, hiru etxetresna elektriko adierazgarriren CO2 inpaktu baliokideak aztertu dira: mikrouhin-labea, ontzi-garbigailua eta arropa-garbigailua. Hiru kasuetarako kalkulatu da etxetresna elektriko berriek izan behar duten eraginkortasuna, daudenak ordezkatzeko, inpaktuak murrizteko ingurumen-arrazoiengatik. Bestalde, egungo etxetresna elektrikoen ordezkapen-urteak kalkulatu dira hainbat egoeratan. Hauek izan dira modelatutako egoerak:

–        0 egoera (oinarria): inpaktuak egungo teknologiarekin.

–        1. egoera (ekoizpenean inpaktuak murriztea): pisua %10 murriztea.

–        2. egoera (ekoizpenean inpaktuak murriztea): pisua %10 murriztea eta birziklatutako materialak %50ean integratzea.

–        3. egoera (erabileran inpaktuak murriztea): energia berriztagarriak %100ean txertatzea.

–        4. egoera (erabileran inpaktuak murriztea): energia berriztagarriak %100ean txertatzea eta erabilera eraginkorragatik %10a murriztea.

Ikerketak ondorioztatu duenez, egungo mikrouhin-labeak, ontzi-garbigailuak edo arropa-garbigailuak ordezkatzean, egungo egoerarako, gailu berrien eraginkortasunak %26, %10 eta %35 handiagoa izan behar du, hurrenez-hurren. Gainera, egungo mikrouhin-labearen, ontzi-garbigailuaren edo arropa-garbigailuaren erabilera-etapan energia berriztagarriak txertatuz gero, horiek ordezkatzeko beharra 30.3, 26.2 eta 33.9 urte arte atzeratu daiteke, hurrenez-hurren. Beraz, ikerketa honek erakusten du CO2 emisioak murrizteko bidean aurrera egiteko, eraginkorragoa dela, ingurumenari erreparatuz, energia berriztagarrietan dirua inbertitzea etxetresna elektrikoen “renove planetan” baino.