Iñakia Sasia, Gorka Bueno,Iker Etxano

 

Jon Iñaki Sasia Santos, Gorka Bueno Mendieta eta Iker Etxano Gandariasbeitiak osatutako ikertzaile-taldea gara. UPV/EHUko Ekopol Ikerketa Taldeko kide gara.

2022ko irailetik, Amalur EIS (https://www.amalur-eis.eus/) garatzen ari gara. Ingurumen-informazioko sistema horrek ingurumen-inpaktuak kalkulatzen ditu, Kutsatzaileen Isuri eta Transferentzien Europako Erregistroan (European Pollutant Release and Transfer Register, E-PRTR) jasotako informazioan oinarrituta. Sistemak Europako 31.388 industria-instalaziotako lurzorura, airera eta uretara egindako isuriei buruzko datuak erabiltzen ditu 2007-2022 aldirako. Bizi-zikloaren inpaktuak ebaluatzeko 31 metodo desberdin (Life Cycle Impact Assessment, LCIA) erabiliz kalkuluak egiteko gai da, eta PRTR Protokoloak araututako 91 kutsatzaileetatik 78 jasotzen ditu.

Gure ikerketaren lehen emaitzak 2025eko urtarrilaren 6an argitaratu ziren Environmental Monitoring and Assessment aldizkarian (Springer, DOI: 10.1007/s10661-024-13565-3). Artikulua esteka honetan eskura daiteke: https://link.springer.com/article/10.1007/s10661-024-13565-3.

Europako Batzordeak gomendatutako Environmental Footprint metodoa erabilita, eta normalizazio- eta haztapen-urratsak barne hartuta, Amalur EISek honako hau ondorioztatzeko aukera ematen du: Europako inpaktu osoari ekarpen handiena egiten dion inpaktua klima-aldaketarena da (% 68,6), eta energia-sektorea, berriz, inpaktu handiena duen industria-jarduera da (guztizkoaren % 59,5). Geografikoki, bi elementuak bat datoz Alemaniako Düsseldorf, Kolonia eta Brandemburgo eskualdeetan, eta horrek Europako eskualde-mailako inpaktu handienak kontzentratzea dakar. Izan ere, Alemania da inpaktu handiena sortarazten duen herrialdea (guztizkoaren % 20,3). Azterketa horretatik haratago, Amalur EIS tresna baliotsua da iraunkortasuneranzko trantsizioa monitorizatzeko, batez ere Europan.

Tresnaren potentzialaren azterketa argigarri bat azaltzeko, Excel fitxategi bat egin dugu (hementxe eskuragarri, Anexo gisa: https://addi.ehu.eus/handle/10810/72790). Bertan, Euskal Herri osoko industria-instalazioetarako 2007-2022 aldian jasotako emaitzak aztertzen ditugu. Amalur EISi esker, erraz egin daitezke antzeko analisiak edozein herrialde edo eskualdetan, udal-mailara iritsiz.

Euskal Herrian ingurumen-inpaktu handiena duten 25 industria-instalazioen artean, petrolio-findegi bakarra (Petronor Muskizen, Bizkaian) nabarmentzen da inpaktu handiena duen instalazio gisa, instalazio guztien inpaktuen % 25 dagokiolarik. 6 industria mineralen eragin metatua (batez ere zementu-industriena) inpaktu osoaren % 16,9 da, eta 7 zentral termikoena guztizkoaren % 17 (2. instalazio kutsatzaileena Total Energies-en bi ziklo konbinatuak dira Castejonen, Nafarroan).
Geografikoki, Bizkaia nabarmentzen da inpaktu handiena sortzen duen lurralde gisa, guztizkoaren % 52 eta 25 instalazio kutsakorrenetatik 10 biltzen baititu. Nafarroak 7 instalazio ditu, guztien % 23,7, eta Gipuzkoak 5 instalazio eta guztien % 17,8. Arabak (3 instalazio eta inpaktu osoaren % 6,3) eta Iparraldek (eragin osoaren % 0,5; lehen instalazioa 55. postuan dago, metalaren sektorean) itxi egin dute zerrenda.

Industria-jarduerei dagokienez, Euskal Herriko energiaren sektoreak inpaktu osoaren % 43 hartzen du, eta nagusiki Petronorren eta zentral termikoen ondorioz gertatzen da. Bigarren industria-sektore garrantzitsuena industria mineralena da, lehen aipatutako zementu-fabrikak barne. Hirugarren sektore kutsatzaileena hondakinen tratamendua da (inpaktu osoaren % 12,5), zeinetan Galindoko HUA (5. instalazio kutsatzaileena), Zabalgarbi erraustegia (12. instalazioa) eta Artigasko zabortegia (23. instalazioa) sartzen diren, eta metalak ekoizteko eta prozesatzeko instalazio guztiek baino eragin handiagoa duen (inpaktu osoaren % 7,9).

Ingurumen-inpaktuko kategoriei dagokienez, klima-aldaketak du inpakturik handiena, Euskal Herriko guztizkoaren % 55 sortarazten baitu. Zifra horretatik oso urrun daude azidotzea ( % 11) eta ozono fotokimikoaren sorrera ( % 9).

Gure lanak epe laburrean izango duen bilakaerari dagokionez, aurreratu nahi dugu 2025erako gure helburua beste eremu batzuetako isuri difusoen inpaktuen azterketan sakontzea dela (E-PRTRen integratu gabeko industria txikia, ibilgailuen trafikoa, bizitegi-sektorea, nekazaritza, etab.). Analisi honen lehen emaitzek (isuri difusoen 2008ko erregistroan oinarrituta), ondorio esanguratsuak ematen dizkigute. Adibidez, Europako industria “txikiaren” inpaktua (E-PRTRi informaziorik ematen ez diona), ehunekotan, industria “handiaren” antzekoa da (E-PRTRen erregistratutakoa). Era berean, ikusi dugu isuri difusoak Europako ingurumen-inpaktuaren bi heren inguru direla (E-PRTR isuriak gehi isuri lausoak), eta E-PRTR industria, berriz, gainerako herenaren erantzule baino ez dela.

Euskal Herriaren kasuan, proportzio horiek are nabarmenagoak dira. Erantsitako irudiak adierazten duen bezala, 2008an industriako isuri difusoen inpaktua (% 35,04) E-PRTR industriakoa (% 26,75) baino nabarmen handiagoa izan zen. Bestalde, 2008 urtean ere nekazaritza-jardueraren inpaktuak (% 11,02) gainditu egin zuen bizitegi-sektorearen inpaktua (% 7,28), eta ibilgailuen trafikoaren inpaktua guztizkoaren bostena izan zen ( % 19,92).

Lan honek agerian uzten du giza jardueraren monitorizazioak eta kontrolak garrantzi handia duela gure gizartean; ez bakarrik industria-instalazio handiei dagokienez, baita askotan oharkabean igaro daitezkeen beste instalazio txikiago batzuei dagokienez ere, baita beste jarduera batzuei dagokienez ere, hala nola ibilgailuen trafikoari, bizitegi-jarduerari edo nekazaritza-ekoizpen intentsibo eta handiari dagokienez.