Estitxu Villamor, Uzuri Albizu
Berria egunkarian 2020ko martxoaren 27an argitaratua
Kostatu egiten da hazkunde esponentziala nolakoa den azaltzea. Gure burmuinei erraza egiten zaie hazkunde lineala ulertzea: konstantea, beti neurri berean hazten dena. Esponentziala, ordea, ez da halakoa. Hazkunde mota hori azaltzeko, bi adibide erabili ohi dira. Botilan dauden bakterioena da lehena. Demagun ugaltzeko minutuero erdibitzen den bakterio bat dugula botila itxi batean. Hasiera batean, bakterio bakarra izango genuke, minutu bat pasatutakoan bi bakterio, bi minutu pasatutakoan lau… horrela, ordubete barru, botila erabat beteta izango genuke. Noiz egongo litzateke botila erdiraino beteta, orduan? Bada, jende ugarirentzat erantzuna batere intuitiboa ez den arren, 59 minutu pasatutakoan egongo litzateke.
Beste adibide bat xake taula eta arroz aleen problema da. Taularen lehen laukian arroz ale bat jarriko bagenu eta lauki bakoitzean aurreko arroz kantitatea bikoiztuko bagenu, bigarren laukian bi ale izango genituzke, hurrengoan lau… zenbat ale izango genituzke azkenengo laukian? Kontuan izanda xake taulak 64 lauki dituela, 2^63 = 9 223 372 036 854 775 808 ale izango genituzke; eta, taula osoko aleak batuz gero, 18 446 744 073 709 551 615 ale bilduko genituzke: hamazortzi trilioi baino gehiago taula osoan.
Horrelakoa da hazkunde esponentziala: bat-batekoa, salto bakoitzean ikaragarri handitzen dena. Industrializazio garaitik hona esponentzialki hazi da munduko populazioa, esponentzialki hazi da energia kontsumoa (nagusiki erregai fosiletan oinarritzen dena) eta, horri lotuta, giza jatorriko negutegi efektuko gasen isuriak ere esponentzialki hazi dira. Munduko barne produktu gordina (BPG) ere hala hazten da. Urtero BPGaren %3ko hazkundea izateko, gure planeta mugarik gabe ustiatzen dugu, botilako bakterioen antzera, konturatu orduko planetarekin amaitzen dugun arte.
Munduan dagoen Mc Donalds kopurua, sare sozialen bidez egiten den elkarbanatzeen kopurua edota turismoa, esaterako, hazkunde esponentzialaren beste adibide batzuk baino ez dira. Eta egunotan guztion ahotan dabilen koronabirusaren kutsatzea ere esponentziala da. Martxoaren 1ean 10 kasu zeuden Hego Euskal Herrian, 14an 667 kasu, eta 17an jadanik 1115 kasu zeuden erregistraturik. Horiei, ziurrenik, positiboak diren baina probarik burutu ez zaien kasuak gehitu beharko genizkieke. Hilabete hasieran gutxi ziruditen, baina konturatu orduko osasun zerbitzuek gainezka egiteko beste hedatu da birusa.
Lehenengo begiratuan hala ez dirudien arren, aipaturiko hazkunde esponentzial horien guztien jatorria neoliberalismoa da. Birusaren kasuan ere, korronte politiko-ekonomiko horrek eragindako gizarte antolakuntza konplexu eta globalizatuak mesede egiten dio pandemiari, inoiz baino ugariagoak diren herrialdeen arteko energia, materia eta pertsonen fluxuek ahalbidetu baitute birusa mundu mailan hain azkar hedatzea. Baina eredu neoliberal horri esker hedatu den honek eredua bera kolokan jarri du, mundua elkarri konektaturiko parte ugariz osatuta dagoen sistema oso bat izanik, parte batzuen kalteek gainerako parteei ere eragin egiten baitiete. Oso argi geratu da hori Txinaren produkzioa gelditzeak mundu osoko produkzioa geldiarazi duen unean. Hori dela eta, Covid 19-ak lehen aipaturiko hazkunde esponentzial horietako batzuk eten ditu. Txinan, aurreneko gaixoak agertu eta hilabetera baino gutxiagora, bertako CO2 isuriak hiru laurdenera jaitsi ziren. Mundu mailako petrolio eskaria ere nabarmen jaitsi da: martxoaren 9an petrolio upelak azken urteotako preziorik txikiena zuen, 35 dolar. Munduan ematen ari diren berrogeialdiak amaitzean ere, ekonomia ez da berehala suspertuko, eta ikusteke dago nola eragingo dion horrek guztiak BPGaren hazkundeari.
Mugatua den mundu batean, ekonomiaren, energiaren eta lehengaien erabileraren, CO2 isurien, eta abarren hazkunde esponentzialak amaitu behar duela argi dago. Ez dago hain argi, ordea, amaiera hori nolakoa izango den. Inongo kontrolik gabe ematen baldin bada, klaserik zapalduenek ondorio larriak pairatuko dituzte, munduko hainbat tokitan (Sirian edo Txilen, esaterako) jada gertatzen ari den moduan. Gutxi batzuk baldin badira kontrola dutenak, emaitza ekofaxismoa izango da, elite pribilegiatuek kontrolaturiko desazkunde ekonomikoa, baliabideak urrituz doazen heinean, euren pribilegioak ez galtzeko gainerako biztanleriarengan erabateko kontrola ezarriz. Egunotan bizitzen ari garen distopiak oso argi uzten du, gainera, jendartearen gaineko kontrol hori ezartzea zeinen erraza den batzuetan.
Aipaturiko aukeren aurrean, antolakuntza da gelditzen zaigun alternatiba bakarra: elkarlaguntza sareak indartzea, autogestioaren bidean sakontzea eta bizitza duinen alde borrokatzea. Gure bizitzen gaineko kontrola berreskuratzea, alegia. Kapitalismoa agerian uzten ari da bere zaurgarritasuna, balia ditzagun bere arrakalak.