Ekonazionalismo eta etnoekologismoa izan ditugu hizpide gaurkoan. Badira ekologismoaren baitan etnia edo arazo nazionala sartzen dutenak, badira kosmopolita edo unibertsalistak, eta badira estaturik gabeko ekologistak ere, euren burua estatuaren zapalkuntzatik askatu nahi duten nazio indigenak. Ekologismoaren baitako eztabaidetan aspaldidanik azaldu da diskurtso unibertsalista, ekologismoaren inguruko eztabaida ezin dela nazionalismoarekin nahastu dioena, ama lurrak ez duela muga politikorik ezagutzen… Hori diotenek beti pasaporte bat eraman ohi dute aldean, eta ez dute arazorik izaten bere nortasun nazionalarekin.
Ekonazionalismoa nork bere herrialdea energetikoki burujabe baina berriztagarriak diren energia iturriak erabiliz bihurtzeko nahia izan daiteke, baina honek ñabardura askoko forma anitz hartu ditu historian. Esaterako, Estonian, Lituanian eta Ukrainan independentziaren aldeko mugimenduek jarrera antinuklearra zuten eta Sobietar Batasunaren garapen industrial neurrigabearen politikek eragindako kutsaduraren aurkakoa. Gurean ere, gatazka nazionalaren inguruko eztabaidan sartu zen bete-betean eredu energetikoaren ingurukoa, 70eko eta 80ko hamarkadetan, “Euskadi ala Lemoiz” leloak laburbildu zuen moduan.
Beste lelo ezagun batek, adibidez, “Pentsatu globalki, ekin lokalki” leloak, hautu zehatz bat egiten zuen. Zergatik izan behar da horrela eta ez “pentsatu lokalki, eta eragin globalki” ere? Egoera anitz dira munduan, eta norabide anitzetan eragin dezakegu, zergatik ez?