Hamar urte bete berri dira, Lukun (Araba) Euskal Y-ren lehengo harria jarri zutela. Galdera ikur handia dabil oraindik proiektu txikitzaile horren gainean. Zenbat urte gehiago? Noiz eta nola jarriko ote diote azkena? Inaugurazioa oso modu diskretuan egin zen, komunikabideen presentzia urriarekin, arraro xamar Euskal Herriko historian diru gehien xahutzen duen azpiegitura (6.000 milioi euro, gaurko kontuen arabera) martxan jartzeko. Egia esan, obrak hasi aurretik beste hamar urte pasa ziren, kontrako mobilizazio eta interpelazio asko tarteko, 2006ko apirilean aurrekontuaren ituna sinatu zen arte.
Joan den urriaren 18an EAJk Madrilgo Kongresuan aurkeztutako legez besteko proposamenak Euskal Y-ren egin gabeko obrak planifikatu eta ekonomikoki ziurtatzeko, PP eta EH Bildu zein Podemos-en ezezko botoak jaso zituen. Galdera ikurra handitzen ari da. Denborak eta sosak ez daude finkaturik. Errekurtso ekonomikoak urriagoak dira krisi egoera batean eta ez du ematen epe ertainean Europa edo Madriletik dirua lortzeko erraztasun gehiago etorriko denik. EAJk 1.078 milioi euro aurreratu zituen 2014ra arte, gero kupotik deskontatu behar zirenak, baina galdera da: zenbat diru gehiago aurreratu ahalko du? Zenbat bider esan digute obra hau Madrilek eta Bruselak ordainduko dutela? Orain arte ez da horrela izan, eta aurrerantzean ematen du gero eta zailago izango dela. PPren Espaniako Gobernu berriak ez du ematen Euskal Herrian interes handirik duenik, bertoko ministro bat ere ez baitu izendatu.
Abiadura handiko proiektuak eta teknologiak hainbat diskurtso hegemoniko eratzeko erabiliak izan direla dio Diego Garcia Mejutok, Londresen AHTri buruzko tesi doktorala irakurri duen lagun katalanak.Towards a “Europe of Flows”: Discourse, Power and Space in the Development of High-Speed Rail Line in the European Union izenekoa. Argi dago, hasieratik Madrilgo gobernuentzat (PSOE zein PPrenak) AHTren proiektuak beste geografia eta beste garraio politiken kontzeptualizazioan –Todos a Madrid en TAV lema aldarrikatuz– eginda dagoela, EAJren Euskal Y-arekin konparatuz, horrek “Ardatz Atlantikoa indartzea” erabiltzen baitu. Hor dago luzapenaren koska!
Gasteizko eta Madrilgo interesak gero eta desberdinagoak ari dira suertatzen. Eta Madrilek zartagina kirtenetik du helduta. Inork ez daki zertan, noiz eta nola bukatuko den auzi hau baina AHTren aurkako mugimendu indartsuago batek, duela hamar urte zegoenaren modukoak, lagun lezake AHTren etorkizuna definitzen. Urgentzia ekologikoa eta premia sozial larrien garaian gaude eta diru publiko gehiago obra honetan galtzea arduragabekeria itzela da. Munduko bidegorririk garestiena ari dira eraikitzen, Bergarako Hilarioren berbetan.
Artikulu hau Argian argitaratu zen eta Creative Commons BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.