Artikuluaren lotura: https://doi.org/10.1016/j.spc.2022.09.003
Egungo gizartearen kontsumo eredu mugagabeak energia eta baliabideen krisia eragin du jada. Ukaezina bilakatu da Iparralde Globaleko herrialdeen energia kontsumoa murriztearen beharra. Hala ere, proposatzen diren neurriek, oro har, etxebizitzetan kontsumitutako energia dute helburu. Baina zenbaterainoko garrantzia du horrek? Nola lor daiteke aztarna energetikoa murriztea? Euskal Herriko Unibertsitateko Ekopol eta Life Cycle Thinking Group ikerketa-taldeek egindako ikerketa berri honetan ondorioztatzen denez, bizimodu alternatibo eta komunitarioak energia kontsumoa murriztu dezake, kontsumitzen ditugun ondasun eta zerbitzuak ekoizteko erabilitako energiak duen garrantzia dela eta. Zehazki, Errekaleor auzoko biztanleko aztarna energetikoa EAEkoa baino %24 txikiagoa dela kalkulatu da.
Oro har, herrialde baten energia-kontsumoa zenbatzerakoan, energia primarioaren hornidura totala izeneko adierazlea erabiltzen da (Total Primary Energy Supply, TPES). Energiaren Nazioarteko Agentziak (IEA) emandako datuetatik lortzen den balio bat da, herrialde baten barruan (etxebizitzetan, garraioan, industrian eta zerbitzuetan) ematen den energia primarioaren guztizko kontsumoa kontabilizatzen duena. Hala ere, honek ez ditu ezkutuko energia-fluxuak kontuan hartzen: beste herrialde batzuetatik, ondasun eta zerbitzu gisa inportatutako energia. Horrela, badirudi herrialde batzuetako (oro har, Ipar Globaleko) energia kontsumoa berez dena baino txikiagoa dela. Aitzitik, badirudi (oro har) Hegoalde Globaleko herrialdeek benetan kontsumitzen dutena baino energia gehiago kontsumitzen dutela; izan ere, kontsumo horren zati handi bat, errealitatean, Iparralde Globaleko herrialdeetara bideratutako ezkutuko energia-fluxuak dira. Energia aztarna (Total Primary Energy Footprint, TPEF) deritzon adierazleak herrialde bakoitzari esleitu behar zaion energia primario osoa kontuan hartzeaz gain, ezkutuko energia-fluxuak ere hartzen ditu kontuan. Ikerketa honetan, lehen aldiz Input-Output metodologia erabiliz, eskualde (Euskal Autonomia Erkidegoa, EAE) eta auzo (Errekaleor auzo askea, Gasteiz) mailako energia aztarna kalkulatu da.
Emaitzek erakusten dute komunitate-bizitzak energia kontsumoa murriztu dezakeela. Lehenik eta behin, Errekaleorreko biztanleen etxebizitzetako energia kontsumoa (4,46 MWh·biz-1·urte-1), batazbestean, EAEko eta Espainiar Estatuko biztanleena baino %32 eta %15 handiagoa den arren, auzo askeko biztanleen aztarna energetikoa (31,10 MWh·biz-1·urte-1), batazbestean, EAEko eta Estatuko biztanleena baino %14 eta %24 txikiagoa da, hurrenez hurren. Produktu eta zerbitzuetan txertatuta dagoen energia kontsumoaren garrantziari zor zaio hori, Espainiar Estatuko aztarna energetiko totalaren %81, EAEko aztarnaren %75 eta Errekaleorreko aztarnaren %66 suposatzen duena. Horrek erakusten du pertsona bakoitzaren kontsumo materialaren atzean daudela aztarna energetikoa baldintzatzen duten faktore nagusiak. Alde horretatik, nabarmentzekoa da Errekaleorreko instalazio fotovoltaiko isolatutik datorren argindarrak auzoko aztarna energetiko totalaren %0,6 baino ez duela suposatzen. Azkenik, Errekaleorren baitan, etxebizitza mota ezberdinek aldaketa handiak eragiten dituzte TPEFan; izan ere, familietan bildutako pertsonek % 33,5eko aztarna txikiagoa dute (28.45 MWh·biz-1·urte-1) bakarrik bizi diren pertsonek baino (42.79 MWh·biz-1·urte-1), azken hauek, batazbestean, EAEko biztanle batek baino aztarna handiagoa dutelarik.