Egilea: Josu Larrinaga

Berria egunkarian 2020ko apirilaren 24an argitaratua

Gure espeziaren eboluzioan barrena jendea gizartean jaio, emaniko kultura batean txertatu, indibidual zein kolektiboki kultura hori mantentzen eta eraldatzen lagundu (edo ez) eta hil egiten da. Kultura baliabide materialez zein sinbolikoz/kognitiboz osatua dago, eta bere funtzioa pertsonak eta gizarteak bizi diren ingurune naturaletan egokitu eta bertatik energia (janaria, makinak mugitzeko indarra…) lortzean datza, baita horrela bizitzeari zentzua topatzean ere. Hain zuzen ere, gure espeziearen ezaugarri behinena den bizitzari, bizitze soilez at, zentzua topatze horretan sortu ziren erritualak, sineskeriak eta abar. Eta, normalean, testuinguru horretan musika, dantza, kontakizuna eta hitz-jolasa —ahozkoa zein idatzia—, irudigintza (marrazkia, margoa, objektuen formak landu…) praktikatzen da, gaur egun —hitzaren esanahia nolabait murriztuz— kultura deitzen dugun hori guztia, alegia.

Bai, kulturak zentzua ematen dio gure bizitzari, gure identitateari, osatzen gaitu, pertsona hobeagoak izaten laguntzen digu, hori izan, izaten eta izango da bere funtzio nagusia. Baina gauzak asko aldatu dira gizakion (hobe, gizartekion) eboluzioan azken urteotan. Demagun atzo goizean, orain dela 10.000 bat urte, Holozenoaren baldintza klimatiko bereziek baimendu zuten planetako zenbait lekutan nekazaritza sortzea, eta horrekin batera, ganaderitza, hau da, janaria bilatu eta bildu beharrean, ekoitzi. Populazioa asko handitu zen, sedentarioa bilakatu zen gizakia, sortu ziren boterearen monopolioak eta horiek legitimatzeko metakontakizun erlijiosoak; kulturgintzan aritu nahi eta ahal izan zutenen errolda ere hazi zen, zela botere horiek legitimatzeko, zela borrokatzeko. Baina, batez ere, metakontakizun global bat sortu zen: prometeismoa, hau da, gizakiak —zer demontre! berba egin dezagun argi, gizonak, (edo bere isla hutsa den Dibinitateak)— natura, unibertso fisikoa, hein batean behintzat, kontrolatu ahal du.

Demagun, bart, XVII. mendean, Europan Glaziazio Txikiaren erdian, uzta ukatuak, gosete handiak, bai desastre itzela; baina aldi berean ozeanoak zeharkatzeko guraria, natura areago menperatzeko grina, immanentziaren kultura, hau da, hil da Jainkoa… Gizon zuri hegemonikoaren aroa hasten da, globalizazioa, eta pare bat ziento urtetan erregai fosilak, elektrizitatearen garraiatzea, megaurbanizazioa, estolderia, txertoak eta ganaduarengatiko urrunketa, jendea saldoka hiltzen zituzten gaixotasunen kontrola. Peter Sloterdijk filosofo alemaniarrak dioen moduan, Kristalezko Jauregia —bai, Dostoievskirengandik hartzen du irudia—, Instalazio Handia, megakonfortaren negutegia, bertan goxo bizitzeko teknoesfera agertzen da, naturatik, unibertso fisikotik erabat aparte bizitzeko aukera paregabea. Baita gizakion populazioa paroxismoraino ugaltzeko bidea ere.

Bai, poetak bezala, bart sobera ardo edan genuen Barrenkale Barrenan, eta orain Aje Handiaren Aroan sartu gara, ziplo! Zer gertatu da? Ba, Instalazio Handiaren barruan, kristalezko negutegiaren goxotasunean, birusa sortu zela. K-birusa gizakiok sorturiko birusa da, birus sinbolikoa, alegia. Bere jarduera zientifikoan agian gainbaloratua izan den baina intuizio erabatekoa zeukan Levi-Strauss antropologo frantziarrak esan zuen aurrena: berrikuntza kultural/sinbolikoen arloan, kapitalismoa birus baten antzera eta abiadan zabaldu da munduan zehar azken bazterreraino. Marxismo esoterikoa deitu den balioaren teoriak —Anselm Jappe izan daiteke ildo horretako autorerik irisgarriena— azaltzen du prozesua: behin pertsonon lanari (hau da, gure ingurua egokitzeko ahalmenari) balio abstraktua atxikitzen zaionean (horixe baita balioa edo kapitala, edo, apur bat sinplifikatuz, dirua), ba, pixkanaka baino arinka, denon gorputzean sartzen da birusa, eta horrek etengabe balioa sortu, harrapatu eta transmititzera kondenatzen gaitu, lana eta, aspaldi honetan, batez ere kontsumoaren bidez. Jaio eta kontsumitu, lan egin hil arte kontsumitu ahal izateko, eta fini.

Balioa/kapitalaren etengabeko kate horretan denok gara beharrezko, lan egiteko eta kontsumitzeko, baina, Instalazio Handiaren goxotasunean gero eta jende gehiago garenez gero, bada, inoiz baino pertsona gehiagok ezer materialik ez, sinbolismoa dugu ekoizten, hezkuntzan, komunikabideetan, turismoan, zer esanik ez mundu birtualean; eta, noski, horrela ugaldu da izugarri kulturgile edota hemen Euskal Herrian hain modan dagoen hitza —sortzaileen errolda—.

Baina, aldi berean, balioa/kapitalaren errotazio gero eta azkarragoak, inoiz baino globalagoak munduaren konpresio abiadura handian, komertzioaren globalizatzea exijitzen du, eta, azkenean, horrek guztiak ekarri du aldaketa klimatikoa (prognosi zientifiko ezkorrenek diote Holozenoaren baldintzak suntsitu daitezkeela, hau da, akabo elikagaien ekoiztea!), erregai fosilen agortzea (egunotan pairatzen ari dira AEBetan fracking-aren burbuilaren leherketa: Urkullu-k eta Tapiak eskertuko ote diete inoiz betiko kontrarioei amesgaizto hori hemen ekidin izana?), langabezia eta esklabotza berria, gerrak eta goseteak, zerbitzu publiko eta komunitarioen higatzea… Azkenean, mundu fisikotik jauzi egindako birus biologiko batek agerian utzi du Kristalezko Jauregia abailtzen ari dela; berriz ere, izadiarekin bat eginda bizitzeko kultura berreraiki behar dugula.

K-birus sinbolikotik nola libratu? Ideia handirik ez. Cavalli-Sforza edota Dan Sperber bezalako gizarte zientzietako figura handiek aspalditik esaten dute epidemiologia interesgarria izan daitekeela fenomeno kulturalen hedapena aztertzeko, baina ikerketa aplikatu guztia egin da txorradak (hula-hopa, udako kanta, pokemon-en ehiza, negu gorrian pernetetan ibiltzea!) biralizatzeko, ez pandemia globalak geldiarazteko. Baina datorren mundu berrian, elikaduran zein kulturan, tokian tokiko produktuak kontsumitzea eta zirkuitu laburreko merkatuetan hornitzea estrategikoak izango dira. Sortzaileen errolda murriztuko da, zer erremedio! Utikan fenomeno birikoak! Bakarrik gure bizimodu artezari, gure identitate subjektibo zein kolektiboari zentzua eta orientazioa emango dion kultura biziko da; agian ez du dirurik emango, baina inoiz baino alaiagoa izanen da!