Gorka Bueno

Datu batzuk, eta hiru hausnarketa:

2019ko maiatzaren 2an, EAEko hondakin ez-arriskutsuen zabortegi guztien sarrera-fluxuak eskatu nizkion Eusko Jaurlaritzari, Informazio publikorako sarbidearen zerbitzua erabiliz.
Honako zabortegi hauei buruz eskatu nuen informazioa:

Eskaera berbera egin nuen 2020ko uztailaren 8an, 2019ko datuen inguruan. Hemen daude 2018ko datuak, eta 2019koak. Datuok hobeto aztertu eta prozesatzeko, taula dinamiko bat sortu dut; horren bidez, posible da zerrendako zabortegi guztien hondakin-sarrerak sailkatzea, urtearen eta LER kodearen arabera (LER kodeen zerrenda bat gehitu dut kalkulu-orriaren azken fitxan).

EAEn, hamasei dira baimendutako zabortegiak, hondakin ez-arriskutsuak jasotzeko. Hala ere, Lancha eta Jatako zabortegiek ez dute hondakinik jaso azken bi urte hauetan. Sistrimin eta Torrebaso zabortegiek ere ez dute hondakinik jaso 2019an. Hauek guztiak Bizkaian daude.

Kontuan hartu behar da zabortegietarako sarrera-fluxu hauek guztiak ez direla zabortegien ontzietara isuritako fluxuak, baizik eta zabortegietan kudeatutakoak. Hondakin gehienak zabortegietan bertan isurtzen dira, baina hondakin-fluxu zehatz batzuen kasuan sailkatze eta birziklatze prozesuak jasotzen dira zabortegietan, eta hondakinek isurketa ez den beste azkeneko tratamendu bat jasotzen dute (adibidez birziklatzea, sailkatze prozesuan metalak berreskuratzen badira).

Hiru hausnarketa:

1) Datu hauek argi uzten dute Zaldibarren kokatutako VERTER RECYCLING 2002 SL-ren zabortegian jasotako hainbat hondakin era irregularrean kudeatu zirela 2018-19 urteetan. Hurrengo taulan, urte horietan jasotako hondakin-fluxuak erakusten dira, LER kodearen arabera eta LER kodeen taldeen arabera sailkatuta (zabortegi horren Ingurumen Baimen Bateratuak [2013ko aldaketa, 2016ko aldaketa] zehazten du LER kode bakoitza nola eta zein baldintzatan tratatu behar den). Taula osoa hemen dago eskuragarri.

Puntu honetan ez naiz gehiago luzatuko, euskal prentsak bikain landu baitu kontu hau (ikusi, adibidez, Berria, Argia, Gara).

2) 2018 eta 2019an EAEko zabortegietan jasotako hondakin ez-arriskutsuen fluxuek argi uzten dituzte hiri-hondakinen kudeaketaren ezaugarri esanguratsu batzuk. Beheko taulan lau LER kode jasotzen dira: 190112 (hondakinen errausketan sortutako zepak, kasu honetan Zabalgarbin sortutakoak); 190501 (bereizketarik gabe jasotako hiri-hondakinen frakzio bioegonkortua, Bizkaiko TMB-an eta Arabako Gardelegin sortutakoa); 191210 (CDR, combustibles derivados de residuos delakoa, Bizkaiko TMB-an sortua), eta 200301 (bereizketarik gabe jasotako hiri-hondakinak).

Hiri-hondakin asko bereizketarik gabe biltzen direnez, gehiena, azkenean, zabortegietan bukatzen da:

  • Azken bi urteetan Zabalgarbik 89 mila tona zepa sortu ditu, eta guztiak Zallako (CESPA) eta Igorreko (DEYDESA) zabortegietara isuri dira.
  • Bioegonkortua zabortegietan bukatzen da, bai Araban (92 mila tona Gardelegin), bai Bizkaian (53 mila tona Artigasen).
  • Harrigarriki, bereizketarik gabe bildutako hondakinekin egindako CDR delako fluxu oso handia (ia 102 mila tona, azken bi urteetan) zabortegietara isuri da, nahiz eta hondakin berreskuragarria izan (energetikoki, errausketan). Artigasen isuritako 93 mila tonak Bizkaiko TMB-an sortutakoak dira (ikusi TMB-aren 2018ko hondakin-erregistroa, eta 2019koa, Ingurumen Zaintza Programaren barruan jasotako informazioa).

Gipuzkoan, azken bi urteotan, 212 mila tona hiri-hondakin zuzenean Mutiloako zabortegira isuri dira. Norbaitek esango du gauzak aldatuko direla Zubietako errauste planta martxan jartzen denean, 2020an zehar. Hala ere, Gipuzkoako hondakinen “normaltasun berriaren” erreferentzia Bizkaian aurki dezakegu, han Zabalgarbi martxan baitago, 2005. urtetik. Azken bi urteotan honako fluxu hauek ditugu Bizkaian: errausketaren 87 mila tona zepa Zallan eta Igorren; 53 mila tona biegonkortu Artigasen; 93 mila tona CDR Artigasen (fluxu hau, 43 milioi euro baino gehiago kostatu zuen planta batek sortua, ez zen zabortegi batera isuri behar izan, hondakin berreskuragarria baita; nola da posible?); eta ia 2 mila tona zuzenean isurita Artigasen eta Zallan. Guztira, 235 mila tona inguru. Datu hauek argi uzten dute bereizketarik gabe bildutako hiri-hondakinen errausketan oinarritutako sistema batean funtsezkoa dela zabortegien betebeharra, azkeneko tratamendu gisa. Errausteak ez du eragozten zabortegira botatzea.

3) Sarrera honen bidez zabaldutako datu guzti-guztiak administrazioari eskatutako informazio publikoa da, Eusko Jaurlaritzaren Informazio publikorako sarbidearen zerbitzua erabiliz. Administrazioak ofizioz egin beharko lituzke publiko datu hauek guztiak, inork eskatu beharrik gabe. Horrela egiten ez badu, pentsa daiteke administrazioak zeozer ezkutatzeko badaukala. Izan ere, Zaldibarko hondamendia gertatu eta gero, 2020/55 informazio eskaera egin nion Ingurumen Sailari, “IBB eta Verter Recycling S.L. enpresak sustaturiko hondakin ez arriskutsuen Zaldibarko zabortegiaren geroagoko aldaketak eta jarduera hasi zenetik aipaturiko zabortegiaren Ingurumeneko Zaintza Programarekin loturiko dokumentazioa” eskatuz. Administrazioak bakarrik Ingurumen Baimen Bateratua eta geroagoko aldaketak bidali zituen (gorago aipatutakoak eta beste batzuk); Ingurumen Zaintza Programaren dokumentaziorik ez, nahiz eta informazio publikoa izan, eta hilabete bat lehenago eskatuz gero -hondamendia gertatu baino lehen- guztiz eskuragarri egon. Hona hemen administrazioaren justifikazioa, informazio eskaera baztertzeko (ebazpena ez dago eskuragarri gardena.euskadi.eus-en):

Momentuz, EAEko Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeak irailera arte du epea nire erreklamazioari erantzuna emateko. Orduan ikusiko dugu hainbeste aldarrikatutako euskal gardentasuna zertan geratzen den.