Egilea: Ortzi Akizu-Gardoki, Gorka Bueno, Roberto Bermejo
Artikulu osoaren esteka: https://doi.org/10.1016/j.jclepro.2022.130797
Hegoa Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari buruzko Ikasketa Institutuko, Ekopol ikerketa taldeko eta Life Cycle Thinking Group–eko kideek (UPV/EHUko kide guztiak) elkarlanean egindako artikulu zientifiko berri honek gaur egungo mundu globalizatuan elektrizitatearen ordainketan dauden bidegabekeriak erakusten ditu lehen aldiz era kuantitatiboan.
Herrialde garatuenetako produktu eta zerbitzuen ekoizpena beste estatu txiroagoetara mugitzen ari denez, gero eta elektrizitate gehiago kontsumitzen da Ipar Globaleko herrialdeetatik kanpo. Gainera, oro har, garapen bidean dauden herrialdeetako energia merkeago ordaintzen da, herrialde horiek gizarte eta ingurumen aldetik jasangarria den energia eredu bat sortzeko inbertitu ahal izatea mugatuz. Ikerlan honetan, alde batetik, 44 herrialdetan (43 eta Gaiontzeko Estatuak) dauden Ezkutuko Kostu Elektrikoak (HEC, Hidden Electric Costs) neurtu dira. Hau da, herrialdean zuzenean kontsumitutako elektrizitateagatik nazionalki pertsonako eta urteko ordaintzen denaren artean, eta herrialdeko biztanleen aztarna elektrikoaren artean dagoen aldea neurtu da, inportatutako produktu eta zerbitzuetan txertatutako kontsumoak kontuan hartuta. Bestalde, herrialde bakoitzeko biztanleek ordaindu beharko luketen prezio justua neurtu da, inportaturiko ondasun eta zerbitzu guztiak elektrizitate nazionalaren prezioan ekoitziko balituzte, eta horrela azaleratu dira ordainketa elektrikoetan dauden bidegabekeriak. Bigarren adierazle hau Elektrizitatearen Kostuen Justizia (JIEC, Justice in electricity Costs) gisa definitu da. Ikerketa honek ondorioztatu du munduko 10 herrialde garatuenek batez beste onartzen dutena baino % 14,36 elektrizitate gehiago kontsumitzen dutela, eta gutxien garatutako 10 estatuek beren kontu nazionalek diotena baino % 1,35 energia gutxiago kontsumitzen dutela. Bestalde, munduko 10 herrialde garatuenek eta garapen maila ertaineko 24 estatuek, urtero 44,3 eta 54,9 € bitarte gutxiago ordaintzen dute pertsonako argindarra, prezio nazionalekin alderatuz, garapen bidean dauden beste herrialde batzutatik produktu eta zerbitzuetan txertatuta inportatzen duten energiagatik. Aztarna elektrikoan ordaintzen den mundo mailako batez bestekoa 1858,3 €·dira biztanleko eta urteko, zifra hori 204,3 €–tik (Indian) 5443,8 €–ra aldatzen da (Australian).
Bi adierazle hauek injustizia elektriko globalak neurtzeko urrats bat dira, mundu mailako trantsizio energetiko justuago eta jasangarriago baterantz aurrera egin ahal izateko, eta horretan lagunduko duten politikak bultzatu ahal izateko.
Artikulu zientifiko honen lehenengo egileak, María San Salvador Vallek, Ingeniaritza Solidarioaren VIII. Saria jaso du.
Proiektua Ortzi Akizu–Gardoki, Gorka Bueno eta Roberto Bermejo irakasleek zuzendu dute.