ITZULKETA TXOSTENA

Bost adostasun eta hamaika desberdintasun

Joan den urtean Euskal Herrian, beste inguruko lurraldeetan gertatzen ari zen bezalaxe, energia berriztagarriak garatzeko agertzen ari ziren proiektu eta plan ugarik eztabaida sutsuak eta erantzun gatazkatsuak sortarazi zituzten hainbat lekutan, batez ere, kokaleku nahiko finkotzat agertu ziren herri eta bailaretan.

Testuinguru honetan, EKOPOL ikerketa taldetik, EHUgunerekin batera, eztabaida patxadatsu eta arrazoitsuak bideratzeko ahalegin bat egitea proposatu genuen, beti ere gizartearekiko dugun ardura sozialetik eta gure izaera akademikotik abiatuta, energia berriztagarrien gaiaren inguruan dauden diskurtso eta hausnarketa desberdinak laburbildu eta plazaratu nahian.

 UPV-EHUko hiru kanpusetan (Donostian, Gasteizen eta Bilbon) mahai inguru bana antolatu genuen partaide desberdinekin (akademikoak, enpresak, instituzioak, ekologistak eta partidu politikoak) eta hurrengo lerroetan hiru ekitaldietan ateratako ideia eta hausnarketa nagusiak laburtu egin ditugu.

Hasteko, izandako ausentziak nabarmendu nahi ditugu. Administrazio Publikoa (autonomikoa zein lokala) eta sektore ekonomiko honetan diharduten enpresa pribatu zein publiko nagusien presentzia izateko esfortzu berezia egin genuen, baina, ez genuen euren parte hartzerik lortu.

Duela bi urte, EKOPOL-ek eta EHUgunek antolatutako “Hidrogenoa Trantsizio Ekologikoan” jardunaldietako eztabaidan, Administrazioaren eta enpresen aldetik parte hartzeko interes handia ikusi genuen. Oraingoan, aldiz, enpresa sozialek eta kooperatibek bakarrik egin dute parte hartzeko ahalegina. Gure aburuz, bi eragile garrantzitsu horien presentzia eza oso kezkagarria da.

Aldiz, beste sektore sozio-ekonomiko eta beste eragile sozio-politikoen aldetik, oso interes altua ikusi dugu. Idazki honetan, hiru mahai inguruetan entzundakoaren azterketa eginez, eragileek plazaratutako adostasunak eta desadostasunak nabarmendu nahi ditugu, baita parte hartzaile ezberdinek trantsizio energetikoaren osagarriez eta ezaugarriez egindako diskurtso desberdinak azaldu ere.

BOST MAILATAKO ADOSTASUNAK. Egoera gatazkatsu baten aurrean gaudela onarturik eta horrek gai honetaz dagoen desadostasunen maila altua adierazi nahi badu ere, gure “itzultze/deboluzio” txosten hau, aurkitutako adostasunekin hasi nahi dugu, eraikitzaileak izateko, tentsioak jaisteko eta irtenbideak lortzeko lagungarria izan daitekeelakoan gaude eta.

Dauden adostasunak bost lerro edo arloetan kokatzen ditugu.

1) Hasteko, hizlari gehienen ustetan, krisi sozio-ekologiko anitz (klimatiko, energetiko, biodibertsitatearena…) baten aurrean gaude eta gure gizarteak sozio-ingurumen arazo larriak ditu, horregatik trantsizioaren beharra argi dago guztiontzat. Gainera, arazoei aurre egiteko urgentzia dagoela antzematen da.

 2) Euskal Herria lurralde antropizatua, mugatua eta energetikoki oso dependientea da. Era berean, energia burujabetza sustatu daiteke hemen, iturri propioak sortuz, energetikoki autonomia gehiago lortzeko.

3) Beharrezkoa den trantsizio energetiko hori bide demokratikoetatik etorri behar da.  Eraldaketa horretan interesa duten eragile guztien parte-hartzea ezinbestezkoa dugu, alor politiko- instituzionalaren, ekonomikoaren eta sozialaren ahotsak eta ordezkariak bilduz.

4) Energiaren afera transbertsala da eta arazo ugari barnebiltzen ditu (garraioa, elikadura, industria, turismoa, bizitza estiloa…). Zentzu horretan, gizarte ohituren eta praktika sozialen aldaketa beharrezkotzat jotzen da (kontsumoa, aisialdi eredua,…). Beherago ikusiko dugun moduan, aldaketa honen egingarritasunaz konfiantza maila desberdinak daude.

5) Azkenik, trantsizio energetikoaren arlo tekniko eta sozialen inguruko  ikerketa bultzatzea beharrezkoa da, baita jendartean informazioa zabaltzea ere.

HAMAIKA DESADOSTASUN. Bestalde, egindako hiru eztabaidetan hizlarien arteko desadostasun ugari topatu ditugu. Diferentzia horiek zerrendatzea interesgarria iruditzen zaigu, gaiaren konplexutasuna hobe ulertzeko eta irtenbideen norabide posibleak argitzeko ere.

Hasteko, eta zenbait hizlariek aipatu zuten harira, trantsizio energetikoa termino polisemiko eta engainagarria suerta daiteke, bere erabilera esanahi eta planteamendu oso desberdinekin egiten ari dela kontutan hartuz. Hori kontutan harturik, aukeratutako eragile desberdinen arteko desadostasunak non dauden aipatzeari ekiten diogu:

Trantsizio energetikoaren perspektibatik, zein da sozio-ingurumen arazo nagusia? Zein da gai garrantzitsuena? Zeri erantzun behar diogu lehengoz? Batzuentzat klima aldaketari, hots, deskarbonizazioari ekitea da lehengoa. Baina beste batzuentzat ezin da pobrezia energetikoa edo elikadura burujabetza ahaztu edo bioaniztasunaren kontserbazio eta berreskurapena alboratu, COVID-19-aren garaian ikasi genuen moduan. Perspektiba ekofeministentzako, energiaren auziari ezin zaio aurre egin sektore ekonomiko klasikoen eraldaketa hutsaren bitartez: trantsizio eko-sozial integral bat behar da, zaintza erdigunean jartzen duena. Hots, norabide eta ertz anitzeko eztabaida dugu.

Euskal Herrian energia berriztagarrien sustapena ulertzeko modu edo posizio ezberdinak daude. Krisi klimatikoaz gain, ingurumen justizia mahai-gaineratzen da askotan. Batzuentzat gure zor ekologikoari erantzutea premiazkoa da, baina beste batzuen diskurtsoan ikusmira hori ez da agertzen edo lausoago agertzen da. Agertzen denean, hiru perspektibatik heltzen zaio gaiari. Lehengo ikuspegitik, proiektu berriztagarri handiak hemen garatzea justuagoa da energia gehiena inportatzea baino, energia sortzeak eta banatzeak dituen inpaktu sozio-ekologikoengatik. Bigarren ikuspegitik, merkatu globalean lehiakorrak izatea eta beste herrialdeen menpe ez egotea azpimarratzen da. Hirugarren perspektibatik, berriztagarriek ingurumen desoreka berriak sortzen dituzte bai Euskal Herrian, bai mundu mailan, behar dituzten materialen erauzketagatik.

Hiri-Landaren arteko tentsioa beste desadostasunerako gaia dugu. Aurreikusten diren proiektu energetiko berriztagarri gehienak landa eta mendi eremuan planteatzen ari dira eta hori kolonialismo berdea” edo “negozio neo-extrakibisten” bultzada berria kontsideratzen da ahots kritiko batzuen esanetan. Aldiz, beste batzuen ustez, herri industrial bat gara eta horrek berebiziko garrantzia du gure ongizatea bermatu eta mantentzeko. Argudio horri tiraka, kontuan hartu beharko litzateke Euskal Herriko biztanle gehienak hirietan bizi direla eta hiritarron eskubide energetikoak bermatu behar direla, nahiz eta eredu industrialaren eraldaketa ezinbestekotzat jo. Beste batzuek, aldiz, landa  eremuko eta herri txiki edo ertainetako biztanleriaren eskubideak zaintzea guztien onurarako izango dela diote eta gure gizartea “birruralizatu”/birnaturalizatu behar dela, eredu industrialaren birmoldaketa sakona eginez eta elikadura burujabetza eta lehen sektorea sustatuz.

Adostasunen atalean aipatu bezala, sektore ekonomikoen eta lurraldearen eraldaketaz gain,  gizarte ohituren eraldaketa beharrezkotzat jotzen da. Baina eraldaketa kulturalaren aukeren aurrean konfidantza maila ezberdinak agertu dira mahai-inguruetan. Afera horren gainean agertu diren jarrera ezberdinak hiru ikuspuntutan laburtu daitezke: 1) gizartearen kontsumo jarrerak aldatzea oso zaila da krisi klimatikoak eskatzen duen epeetan;  2) gizartea eraldatu daiteke oraingo egoera kritikoan ere estrategia kulturalen menpe gaudelako eta 3) “sakrifizioak” edo “errenuntziak” egon arren, gizartearen eredu kontsumista aldatzea posiblea da eta onura asko dakartza.

Bestelako eztabaida bat trantsizioaren dimentsioaren inguruan topatzen dugu, denbora eta espazioaren dimentsioen inguruan, hain zuzen ere. Zer egin behar da lehenengoz? Zenbat denbora dugu aldaketak martxan jartzeko? Egiteak eta ez egiteak, biek ala biek, inpaktuak dituzte. Batzuek diotenez, lehenengo kontsumoa jaitsi eta artifizializatutako eremuetan  instalakuntza berriztagarriak jarri behar dira. Besteen ustez, azkar joan behar dugu, dena aldi berean eta berehala hasi beharko da, proiektu handiak barne, ez dagoelako astirik aldaketa klimatikoari eta industriaren beharrei erreparatzen badiegu. Beste batzuentzat, lehenengo proiektu berriztagarri handiak egin behar dira denbora irabazteko eta gero kontsumoaren jaitsiera planifikatu. Eta horri loturik, zein eskalatan eman behar da aldaketa? Hemen desberdindu beharko genituzke “arazoaren” tamaina/eskala eta “erantzunaren” fokoa. Entzundakoari jarraituz, arazo global baten aurrean gaudela adostasun bat da. Erantzuna, aldiz, maila edo eskala guztietan eman behar da. Politika energetikoak, Europatik datozen legeetatik hasita, Estatuen eskuduntza nagusiak dira, baina, eskala lokalean, eskualde mailan eta erkidego edo nazio mailan ere zeregin handiak daude. Eskala bakoitzak trantsizioan izan behar duen edo izan dezakeen pisua eztabaidagarria da, hurrengo puntuan azaltzen dugun moduan. Euskal Herrian fokoa jarrita ere, hizlari askok egiten duten moduan, burujabetza politikorik ez izatea eta energiaren kontrol publikoaren eza arazotzat jotzen da.

Hizlariei galdetu diegunean zeintzuk izan behar diren trantsizio energetikoaren eragile nagusiak, erantzunetan desberdintasun argiak topatzen dira baita ere. Batzuen ustez Euskal Herriko erakunde publikoek, enpresek eta gizarte eragileek parte hartu beharko lukete politika energetiko berriztagarrietan. Beste batzuk mesfidati agertzen dira esanez, gaur egun energia berriztagarrien politika, erakunde publiko eta enpresen artean soilik ari dela negoziatzen, “a puerta cerrada” eta gizarte zibileko partaidetzarik gabe.  Horien ustez,  gobernantza eredua aldatu beharra dago, behetik, komunitate energetikoetatik, udalerri eta erakunde lokalekin prozesu parte-hartzaileak sortuz, eta hortik gora eskualde eta nazio mailako prozesuak sustatu. Honen atzean badago energiaren jabegoaren eztabaida: nor da, nor izan behar da eta nor izan daiteke energiaren jabea eta kudeatzailea? Hau da, zein puntura arte egon behar da energia enpresa pribatuen eta merkatu logiken menpe eta zein puntura arte dugu hau eraldatzeko gaitasuna? Eredu pribatu, publiko eta komunitarioen inguruan iritzi ezberdinak agertu dira mahai-inguruetan.

Energia ereduaren gainean beste eztabaida bat ere agertzen da. Batzuen ustez, trantsizio energetikoa aukera izan beharko zen eredu banatu eta deszentralizatu bat eraikitzeko: proiektu txikiak, lurraldean sakabanatuak eta inguruko kontsumora bideratuak. Beste hizlarien ikuspuntutik eredu banatu hori ez zen nahikoa izango gurea bezalako gizarte konplexu baten energia eskaria asetzeko eta proiektu handiak beharko ziren energia autonomian aurrera egiteko. Honek guztiak harremana du ingurumen eraginekin, energiaren jabego eta kontrolarekin, hirien energia hornidurarekin eta baita tentsio handiko sarearekiko konexioekin ere (gatazkak sortzen dituen beste azpiegitura).

Amaitzeko, hiru mahai inguruetan trantsizio energetikoaren gaia tratatzerakoan agertzen zaigun  beste kontraesan bat hauxe da: helmuga/amaiera vs. bidea/prosezua. Batzuk, zentratuago ikusten ditugu helmugan, etorkizunerako desiratzen duten eredu energetikoa definitzen. Beste batzuk, aldiz, prozesuan, gaurtik hasita eman beharreko pausuetan egungo eredua eraldatzeko. Foku ezberdintasun honek berebiziko desadostasunak sortzen ditu gehienbat ikuspegi eraldatzaile batetik trantsizio energetikoa pentsatzerakoan.

Horrela, eta idazki honi bukaera emateko, esan dezakegu hiru diskurtso, ardatz edo norabide desberdinetan lerratzen direla hizlariak, bere ñabardurekin eta solapamenduekin.

Alde batetik,  hazkunde iraunkorra eta tekno-zientziaren diskurtsoa dei dezakeguna legoke,  non energia merkantzia bat bezala ulertzen den eta emisioak jaistea, energia iturriak ordezkatzea eta kontsumo energetikoa aurreztea lehentasun gisa agertzen diren. Ikuspegi honetatik, autonomia energetikoa bilatzen da (“industria lehiakorra izateko”) eta irtenbideak desakoplamenduan eta ekonomia zirkularrean ikusten dira, Barne Produktu Gordina (BPG) handitzeko, elkar-kolaborazio publiko-pribatuan eta institutzio eta enpresa handietatik gidatutako prozesuan.

Bere ifrentzuan desazkundearen diskurtsoa eta ekofeminismoaren diskurtsoa koka ditzakegu, non logika berriak bilatu behar diren eredu energetikoa errotik aldatzeko. Ez da aldaketa teknologikoa soilik, baizik eta desmerkatilizazioa, behar izan energetikoen neurketa eta berma lortu behar direnak behetik egindako eraldaketan, elikagai subiranotasun agroekologikoa eta ekofeminismoa sustatuz eta energia partzuergo publiko-komunitarioak eraikiz.

Eta erdibidean diskurtso pragmatikoa, trantsizio energetikoaren bideragarritasunean oinarritzen dena, egungo gizarte eredua abiapuntutzat hartzen duena, helmuga eta bidea desberdinduz. Horretarako  industriaren efizientzia, digitalizazioa eta elektrifikazioa lortu behar dira eta  gobernantza eredu mistoak, “behetik” eta “goitik” egindako trantsizio-ereduak, bultzada publikoarekin.

Hiru diskurtso hauetaz gain, Euskal Herrian egun beste ikuspegi batzuk ere badirela jakitun gara. Analisi honek dituen beste hutsuneak osatzeko eta gako berriak luzatzeko EKOPOLeko kideak afera sozioekologikoen gainean lanean jarraituko dugu.  Besteetan bezalaxe, “gaizki esanak barkatu eta ondo esanak kontuan hartu”.

 

Leioan, 2023ko uztailaren 12an.